Iragan egun batez, Ostatu batean, bi lagun ari ziren ez ta bai betean; biak ziren euskaldun zintzoak ustean, halere ezin adi elgarren artean; entzuten egona naiz umore tristean.
Ez dut osorik hartu baten parabola, erderaz mintzo baitzen, berak jakin nola: gure herri maiteaz zuela axola, hau, bere gain beharra, bertzen men dagola, "Gora Euskal-Herria", frantsesez ziola.
Bertzea oldartu zen euskara garbian: "Gure hizkuntza ez da galduko agian! Hori dugu bereixik guk Euskal Herrian, Gainerakotan gaude bertzen negurrian; frantsez egina gira joan den aspaldian!"
Bi gizon horietan, zugaitz onekoa batek ondoa zuen, bertzeak ostoa; gauza arraro hori ez dut gustoka, mendian bizi arren, dut ikustekoa gaztainaren aldaxkez janzirik pagoa.
Bat herria goratzen arrotz baten gisa, arrotz nahiak berriz herriaren hitza; gureak ja egin du, gaiten garbi mintza, lainopean bezala galduak gabiltza ez daizke bi nagusi batean zerbitza!
Elgarri direlakotz bi gizon jazarri, gauza bat bera dute bi pusketan zarri; erakatsi nahi dut nik puskak elgarri, gure hizkuntza eta gure Euskal Herri Konparatzen baititut izaite bateri.
Anai-arrebak entzun ene ahotsa: izaite bat ez daike hezur utsez osa; herria da gorputza, hizkuntza bihotza; bertzetik bereixtean bitarik bakotxa, izaite horrendako segurra hilotza.
Batzu herriaz orroit, euskaraz ahantzi bertzek euskara maite, herria gaitzetsi; hizkuntza ta herria berex ez doatzi, berek nahi daukute konpreniarazi bata bertzea gabe ez daizkela bizi.